Stop Bide Indarkeria Elkarteak arrakastaz amaitu du Durangoko Udalarentzat garatutako 2025-2026 Mugikortasun Seguruaren Programa. Ekimen horri esker, ikasturte osoan zehar bide-hezkuntza eta mugikortasun segurua landu dira Durangoko ikastetxe guztietako 2.730 ikaslerekin. Horrez gain, adinekoei, aniztasun funtzionala duten pertsonei eta herriko beste hainbat kolektibori zuzendutako jarduerak ere egin dira, guztira 3.000 pertsona baino gehiagorengana iritsiz. Programaren balorazio orokorra oso positiboa izan da, bai lortutako parte-hartzeari dagokionez, bai garatutako jardueretan adierazitako gogobetetze-maila handiari dagokionez.
Aurtengo edizioko berrikuntza nagusien artean, Fray Juan de Zumarraga institutuko Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzendutako Bide Segurtasuneko Escape Room-a nabarmendu behar da. Probak gaindituz, trafiko-seinaleak identifikatuz eta arrisku egoerak aztertuz eta konponduz oinarritutako dinamika baten bidez, gazteek mugikortasun seguruarekin lotutako ezagutzak eta trebetasunak landu zituzten modu ludiko, parte-hartzaile eta motibatzailean. Jarduerak harrera bikaina izan zuen, eta agerian utzi zuen metodologia berritzaileek bide-hezkuntza belaunaldi berriei hurbiltzeko duten gaitasuna.
Programak, halaber, ikastetxeetako prestakuntza-jarduerak, bizikletaz egindako irteera praktikoak, adinekoei gidari zein oinezko gisa zuzendutako jarduerak, aniztasun funtzionala duten pertsonekin egindako tailer inklusiboak eta sentsibilizazio-ekintza ugari jaso ditu. Era berean, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, ikasleei zein herritarrei zuzendutako jarduerak antolatu ziren; horien artean, mugikortasun jasangarriari eta bide-segurtasunari buruzko gymkhana hezitzaile bat eta udalerriko bizikleta-sarean zehar egindako irteera bat. Horrela, Durangok mugikortasun seguruago, osasungarriago eta jasangarriago baten alde duen konpromisoa indartu du.
Bizikidetza eta errespetua
Ikasturteko alderdirik esanguratsuenetako bat patinete elektrikoen erabilera arduratsuaren inguruko sentsibilizazioa izan da. Stop Bide Indarkeriak «Arduraz
gidatu» informazio-liburuxka prestatu du, mugikortasun pertsonaleko ibilgailuei buruzko udal-ordenantzaren berritasunak txertatuz. Material hori herritarren artean banatu da, mugikortasun seguruagoa, arduratsuagoa eta errespetuzkoagoa sustatzeko helburuarekin. Gainera, programaren barruan emandako hitzaldiek adinekoen artean maiz agertzen den kezka bati heldu zioten: oinezkoen eta patinete elektrikoen erabiltzaileen arteko bizikidetza espazio partekatuetan.
Stop Bide Indarkeriatik oso modu positiboan baloratzen ditugu lortutako emaitzak, eta hezkuntza, prebentzioa eta sentsibilizazioa sustatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, herritar guztientzat mugikortasun seguruago, arduratsuago eta errespetuzkoago baten alde aurrera egiteko. Elkarteko presidentea den Rosa Trinidad-ek azpimarratu du: « Mugikortasun segurua sustatzeko, erantzukizuna, errespetua eta bizikidetza lantzea ezinbestekoa da. Gaur eskuratutako ezagutza bakoitzak biharko biktimak prebenitzen laguntzen du ».



